Oinak hodeietan programaren bosgarren edizioa 2024ko abuztuaren 8a eta irailaren 1a artean egingo da. 19 konpainia eszenikok antzerkiko, zirkuko, magiako eta dantzako proposamenak eskainiko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko 15 kokaleku paregabetan. Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzearen Erakundeak eta Baluarte Fundazioak sustatzen dute zikloa, Nafarroako arte eszenikoetako elkarteekin eta jarduera horiek gauzatzen diren toki-erakunde desberdinekin elkarlanean.
Azken astea abuztuaren 29an hasiko da, osteguna, Fiteroko monasterioan. Las mujeres que viven en Federico antzezlanarekin, Verdelimonar Teatrok Federico García Lorca intimoenaren, bere pertsonaia femeninoen bidez adierazten eta identifikatzen denaren, iritzian sakontzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak.
Andelosko erromatar hirian, La Banda Teatrok Yûgen eskainiko du abuztuaren 30ean, ostirala, dantza, zirkua eta antzerkia konbinatzen dituen proposamen eszeniko anbiziotsua. Bizitzaren argi- eta iluntasun-espazioetan oinez dabiltzan hiru arimaren arteko topaketa erakusten du.
Komedia eta kritika protagonistak izango dira abuztuaren 31n, larunbata, Pasadas las 4 konpainiaren El burlador sin sardina proposamenean. Cortesko gazteluan, Tirso de Molinaren El burlador de Sevilla antzezlanaren bertsio erabat dibertigarria erakutsiko dute, eta bertan On Joan pertsonaia desmitifikatuko dute.
Ziklo honetako azken jarduera irailaren 1ean izango da, Santa Fe monasterioan, Urraulgoitin. De Improviso konpainiaren Jolgorio emanaldiaren ezaugarriak freskotasuna, grazia eta antzerki-inprobisazioa izango dira.
Sarrera librea eta doakoa
Ikuskizunetara sartzea librea da, leku-kopuru mugatua bete arte. 50 eta 200 pertsona artekoa izango da edukiera, tokiaren arabera. Gonbidapenak Baluarteren webgunean eta txartel-leihatilan hartu ahal izango dira, edo emanaldiak izango diren lekuetan, emanaldia egin baino ordu bat lehenago.
Oinak hodeietan zikloaren xedea da Nafarroako arte eszenikoetako sektore profesionala babestea, kultura-programazioa lurraldean dibertsifikatzea eta publikoak kultura- eta arte-esperientzia gozatzeko modu berri bat proposatzea. Nafarroako konpainien formatu txiki edo ertaineko ikuskizunak ohikoak ez diren tokietara eta herrietara eramaten ditu, adibidez, monasterioetara, gazteluetara, basoetara eta ondarezko balio kultural eta natural handiko beste leku batzuetara. Zikloaren bost edizioetan, Nafarroako Foru Komunitateko 46 konpainia desberdinek esku hartu dute.
Halaber, programak NICDO enpresa publikoaren eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren babesa du, jendez hustuta gelditzeko arriskuan dauden Nafarroako herriak sustatu, hedatu eta ikusgai egitea helburu nagusietako bat baita, herri horiek programaren kokaleku moduan hautatu eta lokalizatzeko lanaren bidez.