Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak ostegun honetan aurkeztu du Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 27. edizioa. Jaialdia uztailaren 17tik abuztuaren 2ra egingo da. Antzerkia, dantza, zirkua, clowna, magia, musika eta performancea uztartuko dituen diziplina anitzeko programazioarekin, hitzorduak berriro ere Olite arte eszenikoen topagune bihurtuko du, Nafarroako, estatuko eta nazioarteko konpainien presentziarekin, eta Tafalla, Beire, Pitillas eta San Martin Unxera ere zabalduko den programazioarekin.
Guztira, jaialdiak 31 emanaldi eszeniko eta musikal eskainiko ditu, 27 konpainia eta artistaren eskutik, baita bi sormen-egonaldi, hainbat prestakuntza-tailer eta publikoari irekitako topaketak ere. Programazioak ondare eta antzerki-espazioetan egingo diren ikuskizunak kale-proposamenekin eta bitartekaritza, prestakuntza eta sorkuntza-laguntza jarduerekin uztartzeko apustuari eusten dio.
Bere hitzaldian, Esnaola kontseilariak jaialdia “publiko mota guztientzako topagune, ahots emergenteen eta ibilbide sendotuen sorkuntza eta elkarrizketa-gune” gisa baloratu du. Ildo horretan, “lehen mailako” programatzat jo duen honek “iraganarekin zein etorkizun eszenikoarekin elkarrizketan aritzen diren” ekoizpenetan oinarritzen dela nabarmendu du, “arte eszenikoen tradiziorik anitzenak proposamen ausartago, berritzaile eta garaikideekin elkartu eta besarkatzeko diseinatutako espazio batean”.
“Azken batean, lurralde osoan presentzia zabala duen eta kalitatearen, formatuen, estiloen, pertsonaien, hizkuntzen eta espazioen aniztasunaren aldeko apustua egiten duen jaialdia da”, azpimarratu du Esnaolak. Aldi berean, Nafarroako Foru Komunitatean “proposamen bakarra” dela adierazi du, “urteetan irauten duena hainbat talderen etengabeko lanari eta publiko fidel baten babesari esker”.
Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatutako jaialdiaren aurkezpenean, kontseilariaz gain, Nafarroako Gobernuko Kultura Ekintza zerbitzuko zuzendari Lorenzo Garcia Echegoyen, jaialdiko zuzendari artistiko Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya, eta parte hartuko duten zenbait konpainiatako ordezkariak ere izan dira.
Azken edizioetan bezala, Festival de Teatro de Olitek diziplina, belaunaldi eta hizkuntzen arteko bizikidetza-gune izatearen izaera indartzen du. Programak memoriarekin, identitatearekin, nerabezaroarekin, prekarietatearekin, irudimenarekin, gorputzarekin, komunitatearekin eta munduarekiko harreman-modu garaikideekin elkarrizketan aritzen diren proposamenak biltzen ditu.
La Cava: hamabi gau antzerki eta dantzarekin
La Cavako agertokiak hamabi ikuskizun hartuko ditu, guztiak 22:00etan. Programazioa uztailaren 17an, ostirala, hasiko da Pont Flotanten ‘Adolescencia infinita’ lanarekin; gaur egungo nerabezaroari eta norberaren oroimen nerabeari buruzko begirada ironiko, samur eta musikala.
Uztailaren 18an, larunbata, Anacarsis Ramos / Pornotráficoren ‘Mi madre y el dinero’ iritsiko da; Josefina Orlainetak Campechen (Mexiko) izandako lan eta bizi-historian oinarritutako antzerki dokumentaleko pieza. Uztailaren 19an, igandea, ‘Las Gratitudes’ antzeztuko da, Delphine de Viganen eleberriaren antzerkirako egokitzapena, Gloria Muñoz, Macarena Sanz eta Romulo Asseretoren interpretazioarekin.
Jaialdiaren bigarren astea uztailaren 23an, osteguna, hasiko da La Cavan Dejabu Konpainiaren ‘Itzulera’ lanarekin; euskarazko road movie eszenikoa, antzerkia, zuzeneko zinema eta poetika bisuala uztartzen dituena. Uztailaren 24an, ostirala, Producciones Come y Calla eta Teatro del Acantiladoren ‘Leonora’ izango da; Leonora Carringtonen unibertsoari egindako hurbilketa librea, Alberto Conejeroren testu eta zuzendaritzarekin eta Natalia Huarteren interpretazioarekin. Uztailaren 25ean, larunbata, Cultura i Conflicteren ‘No mires’ aurkeztuko da; erruari, isiltasunari, konpromiso politikoari eta familia-memoriari buruzko thriller eszenikoa. Uztailaren 26an, igandea, Teatro de La Abadíak ‘Declaración de amor (para siempre)’ ekarriko du; publikoa eskerrak emateko adierazpen baten hartzaile zuzen bihurtzen duen pieza.
La Cavako azken txanpan honako hauek izango dira: Unavezenlavidaren ‘SELFI — Ser joven en la sociedad del espectáculo’, uztailaren 29an, asteazkena; Boga-Boga nafar konpainiaren ‘Mujeres que cantan tras el balcón’, uztailaren 30ean, osteguna; Pílades Teatroren ‘Niebla’, Miguel de Unamunoren eleberriaren Fernanda Oraziren zuzendaritzapeko bertsio eszenikoa, uztailaren 31n, ostirala; Compañía Criollaren ‘Sueño’, abuztuaren 1ean, larunbata; eta Led Silhouetteren ‘Ultimatum’, abuztuaren 2an, igandea, gorputza lurralde, muga eta azken erresistentzia-gune gisa lantzen duen dantza-pieza.
Olite agertoki ireki gisa
La Cavaz gain, jaialdiak programazioaren zati bat Teobaldoen plazan, Frantziskotarren elizan, Errege Jauregian, Kultur Etxean eta Ardoaren Museoan zabalduko du.
Teobaldoen plazan uztailaren 17an, ostirala, Frantziatik etorritako Et D’Ailleurs konpainiaren clown-zirkuko ‘Bhat-Flop’ hartuko du; Pitillasen eta San Martin Unxen ere ikusi ahal izango den proposamena. Espazio berean aurkeztuko dira Txema Muñozen ‘Gota’, magie nouvelle eta clown garaikideko pieza; Maite Guevararen ‘¡Qué buen día!’; Eunoia Kolektivaren ‘Tenet’, zortzi akrobata eta musikari bat dituen formatu handiko ikuskizuna; eta Cia. Manolo Alcantararen ‘Refugi’.
Frantziskotarren elizan izango da formatu txiki eta ertaineko hainbat proposamenen egoitza, besteak beste La Banda Teatro Circoren ‘Nuur’; Sutottos konpainia argentinarraren ‘Feliz Día’; Damian Malvaciok adineko pertsonekin zuzendutako ‘Yo bailo’ proiektua; eta Pepe Zapata / Teatro de Dosen ‘El enterrador’, Gerra Zibileko eta gerraosteko pertsona anonimoetan inspiratutako memoria historikoari buruzko obra.
Errege Jauregiak bi hitzordu musikal eta performatibo hartuko ditu: Olaia Inziarteren kontzertua, euskarazko musikaren eszenako ahots berezienetako batena, eta Hugo Torresen ‘Bahía Botánica’, musika eta landare bizien arteko elkarrizketa gisa sortutako soinu-performancea.
Jaialdia Tafalla, Pitillas, Beire eta San Martin Unxera hedatzen da
Erriberriko Antzerki Jaialdiak Erdialdeko beste udalerri batzuetan duen presentziari eusten dio. Tafallak, Tafalla Kulturgunean, La Cuerda Teatro + Ttipia Kulturaren ‘Camping Las Reinas / Las Reinas Kanpina’ hartuko du, aisialdiari, botereari eta pertenentziari buruzko komedia beltza, baita Akira Yoshida sortzaile nafarraren ‘El por qué de los perdidos’ ere.
Pitillasek Et D’Ailleursen ‘Bath-Flop’ eta Disiden.Ciaren ‘Bipedestrucción’ hartuko ditu; LGTBIAQ+ kontzientzia duen gazte eta familia giroko dantza garaikideko pieza. Azken hau Beiren ere ikusi ahal izango da, eta bertan Orain Biren ‘Mute’ ere aurkeztuko da. San Martin Unxek ere ‘Bath-Flop’ eta ‘Mute’ hartuko ditu, programazioaren izaera ibiltaria indartuz.
Bi egonaldi: ‘Amortzia’ eta ‘Gatomaquia’
Jaialdiak berriro ere sorkuntza-prozesuak lagunduko ditu egoitza artistikoen bidez. Egoitza emergentea Edurne Pena eta La Majicaren ‘Amortzia’ proiektuarentzat izango da; autofikzioa, familia-memoria, interneteko hizkuntza eta intimitateari, esposizioari eta belaunaldien arteko harremanei buruzko galderak nahasten dituen prozesuan dagoen lana. Erakustaldia uztailaren 27an, astelehena, Beiren ikusi ahal izango da, eta uztailaren 28an, asteartea, Oliten.
Las Nenas Theatrek egoitza profesionala garatuko du ‘Gatomaquia’ proiektuarekin. Proiektuak irekitze publikoa izango du uztailaren 29an, asteazkena, Tafalla Kulturgunean, eta uztailaren 30ean, osteguna, Oliten.
Tailerrak eta topaketak
Prestakuntza-programak Nines Carrascalen kudeaketa-tailerrra hartuko du, proiektu eszenikoen banaketan eta merkaturatzean zentratua; Jordi Casanovasek emango duen ‘Encender la mecha’ dramaturgia-tailerra; ‘Selfie’ gazte-tailerra; Fernanda Orazirekin sorkuntza-tailerra; eta Oier Zuñiga eta Maialen Diezekin egingo den gazte-tailerra, erakustaldi batekin amaituko dena.
Programa publikoari irekitako topaketekin osatuko da, Oliteko Turismo Bulegoan / Ardoaren Museoan. Horien artean izango dira Pont Flotantekin egingo diren topaketak; ‘Mi madre y el dinero’ laneko taldearekin eta Natalia Huarterekin egingo dena; ikastaroekin lotutako topaketa bat; eta EiTBko Galder Perezekin egingo den solasaldia. Hitzordu horietan aperitibo bat eskainiko da Reyno Gourmet eta Vinos D.O. Navarra-ren eskutik.
Sarrerak, abonamenduak eta irisgarritasuna
Sarreren salmenta bihar hasiko da, maiatzaren 29an, ostirala. Sarrerak online erosi ahal izango dira www.festivalteatroolite.es eta www.fundacionbaluarte.com webguneetan, baita Baluarteko, La Moreako, Oliteko Enozentrumeko eta Tafalla Kulturguneko leihatiletan ere.
La Cavako ikuskizunetarako sarrerek 20 euroko prezio orokorra izango dute eta 12 eurokoa gazte txartelarekin. La Cavako hamabi emanaldietarako abonamendu osoak 210 euro balioko du, eta 96 euro gazte txartelarekin. Halaber, aukeratutako hiru emanaldirako abonamendua eskainiko da 55 euroren truke, eta 28 eurotan gazte txartelarekin. La Cuerda Teatro + Ttipia Kulturaren ‘Camping Las Reinas’ eta Akira Yoshidaren ‘El por qué de los perdidos’ ikuskizunek prezio bereziak izango dituzte: 8 eta 6 euro, hurrenez hurren, eta Tafalla Kulturguneko leihatilan zein online erosi ahal izango dira.
Errege Jauregian eta Frantziskotarren elizan programatutako ikuskizunak doakoak izango dira lekua bete arte, Enozentrumean gonbidapenak aurrez hartuta. Modalitate honetan sartzen dira ‘Nuur’, ‘Feliz Día’, ‘Yo bailo’, ‘El enterrador’, Olaia Inziarteren kontzertua eta ‘Bahía Botánica’.
Jaialdiak zortzi toki gordeko ditu La Cavako emanaldi bakoitzean mugikortasun urriko pertsonentzat. Gainera, ‘Leonora’, ‘No mires’ eta ‘Las Gratitudes’ obrak ikusmen- eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarriak izango dira, azpititulu egokituekin, audiodeskribapenarekin, banakako begizta magnetikoarekin eta entzungailuen bidezko soinu anplifikatuarekin.