Ikastetxeen atalaren barnean, aipatu du laun proposamenen 12 saio eskainiko direla, haietako zenbait euskaraz, eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat bideratuak. Barañain Auditorioak hiru hartuko ditu, eta Baluarte Auditoriumak, bat. Musikak protagonismo handiagoa izango du ikasturte honetan: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) hiru jardueratan parte hartuko du eta lehenbiziko aldiz a cappella edo ahots hutseko jarduera bat antolatuko da.
Ikuskizunak hauek izango dira: A kupela, Demode Quartetekin, urtarrilaren 30ean; Pedro y el lobo/Peru eta otsoa, NOSekin eta Iker Bengotxea narratzailearekin, otsailaren 20an eta 21ean; Sinfonía Primavera/Udaberriko Sinfonia, Orkestrarekin, apirilaren 3an; eta Funamviolistas sinfónico, The Funamviolistas taldearekin, maiatzaren 14an eta 15ean.
Halaber, ikasturte honetatik aurrera, esperientzia pilotu moduan, Baluarte Fundazioak Planeta Dantzan hezkuntza-programan parte hartuko du, Malandain Ballet Biarritzekin eta Donostiako Cristina Enea Fundazioarekin batera. 2018az geroztik, mugaz gaindiko proiektu honek ibilbideak eta material pedagogiko berritzaileak ematen dizkie ikastetxeei, Frantziako konpainia horren koreografiak abiapuntu hartuta. Guztira, 18 tailer eta eskola-emanaldi bat daude aurreikusita.