Baluarte Fundazioak 24-25eko Hezkuntza eta Gizarte Programa aurkeztu du: 80 jarduera inguru, 20.000 pertsonarentzat baino gehiagorentzat

24/09/2024
Imagen 3
Imagen 4
Imagen 5

Programan Planeta Dantzan hezkuntza-programa sartzea, haurtxoentzako kontzertuak agertoki gainean, familiaren laguntzarik gabeko adingabe migratzaileentzako tailerrak eta musika sinfoniko gehiago ikastetxeetarako, ikasturte honetako berrikuntzetako batzuk. 

Baluarte Txiki centros educativos Enclave Fortissimo Programa Educativo y Social

20.000 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute 24-25 ikasturtean Baluarte Fundazioaren Hezkuntza eta Gizarte Programak gutxi gorabehera egingo dituen 80 jardueretan. Gaur eman da proposamen horien berri, Rebeca Esnaola Kultura, Turismo eta Kirol kontseilariak eta Rubén Jauquicoa Fundazioaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari kudeatzaileak esku hartu duten ekitaldi batean.

 

Eta haiekin batera izan dira mahaian Unai Esparza, Zakan Socialeko langilea, erakunde laguntzaileetako batekoa; Iker Huitzi, aktorea eta musikaria, ikasturte honetako ekitaldietako bateko partaidea izango dena; eta Izaskun Azcona, ”la Caixa” Fundazioak Nafarroarako duen ordezkaria, Programa babesten duen erakundea baita.

 

“Beste denboraldi batez, Fundazioak bere zerbitzu publikoko bokazioa bideratzen duten eta abonu-denboraldietan ohikoak diren taldeetatik desberdinak direnetara iristen diren ekimenak proposatzen ditu erakundeak”, adierazi du Kultura kontseilariak. Rebeca Esnaolak nabarmendu du “Programa herritarren artean izaten ari den onarpen handia, partaidetza-arrakasta eta biztanle-talde zaurgarrien artean lortzen doan eragin positiboa”.

 

Komunitatea kohesionatu eta eraikitzea kulturaren bidez

 

Bere aldetik, Rubén Jauquicoak adierazi du programa honekin Baluarte Fundazioak erakusten duela “nafar herritar guztiekiko duen konpromisoa eta inplikazioa kulturaren bidez”, erakundeak ulertzen duela “gizartea egituratzeko estrategia eta komunitatea kohesionatu eta eraikitzeko ardatz eratzaile moduan”.

 

Baluarte Fundazioaren zuzendari kudeatzaileak ildo desberdinetan kokatuta dauden ekimenak zehaztu ditu, Foru Komunitateko ikastetxeetarako, haur eta familientzako, publiko orokorrarentzako eta kolektibo zaurgarrien barnean dauden pertsonentzako diren ekimenak.

 

Ikastetxeen atalaren barnean, aipatu du laun proposamenen 12 saio eskainiko direla, haietako zenbait euskaraz, eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat bideratuak. Barañain Auditorioak hiru hartuko ditu, eta Baluarte Auditoriumak, bat. Musikak protagonismo handiagoa izango du ikasturte honetan: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) hiru jardueratan parte hartuko du eta lehenbiziko aldiz a cappella edo ahots hutseko jarduera bat antolatuko da.

 

Ikuskizunak hauek izango dira: A kupela, Demode Quartetekin, urtarrilaren 30ean; Pedro y el lobo/Peru eta otsoa, NOSekin eta Iker Bengotxea narratzailearekin, otsailaren 20an eta 21ean; Sinfonía Primavera/Udaberriko Sinfonia, Orkestrarekin, apirilaren 3an; eta Funamviolistas sinfónico, The Funamviolistas taldearekin, maiatzaren 14an eta 15ean. 

 

Halaber, ikasturte honetatik aurrera, esperientzia pilotu moduan, Baluarte Fundazioak Planeta Dantzan hezkuntza-programan parte hartuko du, Malandain Ballet Biarritzekin eta Donostiako Cristina Enea Fundazioarekin batera. 2018az geroztik, mugaz gaindiko proiektu honek ibilbideak eta material pedagogiko berritzaileak ematen dizkie ikastetxeei, Frantziako konpainia horren koreografiak abiapuntu hartuta. Guztira, 18 tailer eta eskola-emanaldi bat daude aurreikusita.

 

Baluarte Txiki: sei proposamen

 

Jarraian, Rubén Jauquicoak haurtxoentzako eta familientzako eskaintza azaldu du. Hain zuzen, eskaintza horrek ere berritasun bat du. Lehenbiziko aldiz, haurtxoen eta haien laguntzaileen bi talde txikik Sinfonía de los juguetes izenekoa izango dute gozagarri, NOSekin agertokia partekatuz. Bi emanaldiak maiatzaren 1ean izango dira, eta María Suberviola musika-pedagogoak gidatuko ditu.

 

Beste alde batetik, Baluarte Txiki zikloak sei proposamen hartuko ditu barne Baluarte Auditoriumeko Ganbera Aretoan lehen haurtzaroko umeentzat. Etapa horretarako nabarmenak diren gaiak landuko dituzte, besteak beste, emozioak, gaua, natura, denbora igarotzea eta adiskidetasuna. Sarrerak gaur jarri dira salgai, eta Fundazioaren bulegoan eta webgunean eros daitezke, Auditoriumaren txartel-leihatilan eta webgunean, NICDOk Morea merkataritza-gunean duen salmenta-gunean, eta 948 229 217 eta 948 066 060 telefono-zenbakietan. 

 

Aurreneko biak musika-ikuskizunak izango dira. El asombroso concierto de las emociones/Emozioetan zehar bidaiatzeko kontzertu txundigarria Soinuak Haizean taldeak egingo du, eta emanaldi bat egingo du gaztelaniaz eta beste bat euskaraz azaroaren 16an. Abenduaren 14an, Samfaina de Colors taldeak Sin luna taularatuko du. Hain zuzen, testurik gabeko lan horrek 2023ko FETEN saria lortu zuen, jatorrizko musika onenarengatik. 

 

Urtarrilaren 11n, LaBú Teatreren Alma aurkeztuko da, objektu- eta mugimendu-antzerkiko proposamena, hori ere testurik gabea. NOSek eta Iker Bengotxeak Pedro y el lobo/Peru eta otsoa lanaren emanaldi bat eskainiko dute gaztelaniaz eta beste bat euskaraz otsailaren 22an. Canti Vagantik “musikal txikitxo” bat antzeztuko du Iruñean martxoaren 22an, Piccolino en la ciudad. Eta Big Bouncersen Jungla dantza-ikuskizunak zikloa itxiko du apirilaren 26an. 

 

Beste urte batez, Baluarte Fundazioak, NOSek eta Nafarroako Kutxa Fundazioak Enclave Fortissimo sustatuko dute, zeinak ”la Caixa” Fundazioaren babesa duen. Kultura- eta musika-bitartekotzako programa hau publiko orokorrari zuzenduta dago, eta bere xedea da elkarrizketarako eta topaketarako toki komun bat sortzea herritarren eta espezialisten artean musikaren inguruan. Sarrera libreko hamar jarduera hartzen ditu barne, nahiz eta aurretik izena eman behar den CIVICAN-Nafarroako Kutxa Fundazioaren kultura-zentroan telefonoz edo posta elektronikoaren bidez (948 222 444/ informacioncivican@fundacioncajanavarra.es).

 

Musika-bitartekotzan aditua den María Setuain Belzunegui irakasleak bost entzunaldi gidatu emango ditu NOSen 24-25 Denboraldiko lan banari buruz: Las criaturas de Prometeo (urriak 9), El cascanueces (abenduak 11), Scheherazade (urtarrilak 15), Sinfonía n.º 1, Mendelssohnena (martxoak 19), eta Los planetas (maiatzak 21). 

 

Orkestrako irakasleak izango dira Ganbera-musikako zikloko bost kontzertuen protagonistak: Los cuernos y las cuerdas, música del Clasicismo, Mozart eta Beethovenen lanekin, urriaren 16an; Grandes aniversarios musicales, Bruckner, Fauré eta Pucciniren piezekin, azaroaren 13an; Historia del diablo, Stephensonen lan batekin, otsailaren 5ean; Mozart meets Krommer, martxoaren 5ean; eta Viaje a América, Villa-Lobos, Gershwin eta Dvoraken hautaketa batekin, apirilaren 2an.

 

“Barnetik” programaren jarraipena

 

Hezkuntza eta Gizarte Programaren azken ildoak komunitate-laguntzako tailerren eta kontzertuen zenbait saio hartuko ditu (haietako batzuk zehaztu gabe oraindik). Txus Eguilaz pedagogoak emango dituen tailerren garapena aurreratu du Rubén Jauquicoak. Nafarroan familiaren laguntzarik ez duten eta 18 eta 23 urte artean dituzten gazte migratzaileek parte hartuko dute. Migrazio Politiketarako Zuzendaritza Nagusiko Kideak zerbitzuarekin elkarlanean egingo da, gizarte-laguntzan eta -mentoretzan aritzen baita zerbitzu hori.

 

Horrez gain, “Barnetik” programaren jarraipena ere iragarri du. Zehazki, Foru Komunitateko talde eta elkarte desberdinei murgiltze-esperientzia musikala eskaintzen die, agertokia NOSekin partekatzeko aukera emanez.

 

Baluarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak Hezkuntza eta Gizarte Programaren aurreko denboraldiko datu batzuk emanda amaitu du aurkezpena: 12 programa/ziklo desberdinetako 73 lan-saio antolatu ziren, guztira, 21.473 pertsonarentzat.